Gernika Gogoratuzek antolatutako Gernikako Kultura eta Bakearen
Nazioarteko XVII. Jardunaldietan, bai Gernikan bai eta munduko
beste tokitan ere Bakegintzaren esparruan eta dimentsio sinbolikotik
egiten ari diren ekarpenak plazaratuko ditu. Gernika Gogoratuzen helburua
Gernikako sinboloa aberastea da, Bakearen aldeko ekintzen eta hausnarketen
bitartez gertukoa edo lokala denetik orokorra edo globala denera zabaldu
asmoz. Gernika Gogoratuz sortu zeneko 20. Urteurrenaren eta
Gernikako Bonbardaketaren 70. Urteurrenaren epemuga honetan
oroitzapena eta Bakearen konpromisoa lotzen dituzten ardatz sinbolikoak
indartu nahi ditugu. Oroitzea Bake sinboloak nabarmentzeko eta konpromisoa
hartzea bestelako "Guernica"-k sortu eta eragiten dituzten biolentziak
agerian jartzeko. Gogorapen historikotik abiatuko den lana izango da,
eta Gernikako Bonbardaketaren lekuko izan diren gizon zein emakumeengandik
haraindi joango dena, gertatutakoa berriro errepika ez dadin. Horretarako,
lekuko guztiek Oroitzapen Kolektiboan biltzen diren bizipen eta kontakizunen
bitartez aintzat hartuak izateko aukera izango dute. Bakearen aldeko
konpromiso horrek komunikabideek Bakearen Kulturan duten berebiziko
garrantziaz eta Bakearen eraikuntzan, eragile gisa, berriemaileek duten
eginkizunaz ohartarazten digu. Bakearen aldeko konpromiso horretan salaketaren
garrantziaz ohartzen gara, salaketa hori Artearen bitartez ere gauzatua
izan daitekeelarik Bakearen Pedagogiaren baitan; adibidez, babesik gabeko
biztanleria zibilaren kontrako indarkeria eta izugarrikeria agerian
jarri zuen Picassoren "Guernica" gogoratzerakoan gertatzen den legez.
Bakearen aldeko konpromiso horrek partaidetza demokratikoa sustatu nahi
du, lokala denetik globalarekiko elkartasunetik eta globala denetik
lokalarekiko aniztasunera joanez. Aniztasunaren sakontzea baita ezberdinen
artean bizikidetasuna zabaltzeko ezinbestekoa den osagaia. Gernikako
Kultura eta Bakearen Nazioarteko XVII. Jardunaldiotan landuko diren
gaiak honakoak izango dira:
* Gernika, Bakearen Hiria, osagai sinbolikoak.
* Biktimak eta Oroitzapen Kolektiboa.
* "Guernica" artearen bitartezko salaketa. Artearen ekarpenak Bakegintzaren
arloan.
* Hedabideen garrantzia Bakearen Kulturan. Bakearen berriemaileak.
* Bestelako Gernikak. Historia eta oraina. Bestelako gatazkak, gatazka
ahaztuak.
* Partaidetza lokala eta Garapen globala Bakegintzaren arloan.