Lurbira mataza bat da, sustrai biribildu bat nondik zuhaitzak ernatzen diren: baobaba, bere inguruan batzarra biltzen duen arbre ý parole: tubuentzako akazia, amazighentzako algarroboa; adarrak erroekin bizitza ziklo etengabeetan lotzen dituen indiar banianoa; ananguen eukalipto baltsamikoa; Hiroshiman su-leizetik eta erradiazioetatik bizirik atera zen gingkoa; uholde osteko olibondoa, zeinaren adaxka, adiskidetzearen adierazgarri, Jainkoak gizakiei uso baten bitartez bidali baitzien; maputxeen araukaria eta kanelondoa; kolonbiar argizari-palmondoa; zeiba eta mangladi Amazoniakoak, gehiegizko karbono dioxidoa xurgatu ezinean dagoen hostotzar berde hozkatua: bere erraustea geure suizidioa da. Bada, euskaldunok atmosferari eguratsa (egurraren hatsa) deritzagu: aldi berean zoru, ortzi eta leize bezala irudikatua zen lurraren arrastoa. Lurpe ahur eta zeru ganbilaren arteko sustrai bilbatu eta irazkizko zoru irmoa. Erroak eta adaburua lotzen dituen enborra, gizakia baino ehundaka, milaka urte garaiagoa, zaharragoa eta sendoagoa den izaki totemikoa. Horregatik gurtzen zaio zuhaitzari, zorua eta sabaia eskaintzen baitizkigu eta hiritarron batzarren lekuko iraunkorra baita: ikasitako guztia, kinkak, iragaitzak eta askaerak oroitzazko eraztunetan biribiltzen dituelako, biribildu ere. Egun, inoiz baino gehiago, zuhaitz hura aldarrikatzen dugu: banako subiranotasun eta eskumena den -eta orotara gizadi burujabea eratzen duen- foruaren haritz jagolea; eta foro, eztabaida-leku edo plaza ere baden foruaren erdi eta muina.