Emakumeen munduak kongresua akademiako eta gizarte-aktibismoko emakumeak* biltzen dituen nazioarteko eta jakintza-alor arteko topaketa da.
Euskal Herriak hartu du 2026ko maiatzean egingo den XV. edizioaren lekukoa. Oraingo honetan, gai nagusia “Emakumeak* eta bakeak” izango da, pluralean, emakumeok* bakearen kulturari ematen dizkiogun forma anitzak aitortzeko.
Aurtengo edizioaren berezitasuna da Euskal Herriko, Kolonbiako eta Mozambikeko emakume*, erakunde feminista eta bakegileek bi urte daramatzagula topaketa hau kolektiboki eraikitzen, Gernika Gogoratuz eta Gernikatik Mundura gidari. duela bi urtetik elkarrekin ari gara topaketa hau eraikitzen. Kongresu hau “Sorburua. Bakearen aldeko emakume internazionalistak” izeneko prozesu kolektiboaren emaitza da. Emakumeek*, kolektiboek eta oinarrizko erakundeek aliantzak sendotzeko eta bakeen inguruan ideiak ereiteko sustraiak bota dituzte –bakeak, pluralean, mendekotasuna ukatuz, eta egunerokotasunetik. Tokiko prozesu bakoitzak ehun amankomun bat josi du, gaur egun mundu-mailako topaketa honi forma ematen diona, alegia.
Maiatzaren 20an Gernika-Lumoko Batzar Etxea bisitatuko dugu, euskal askatasunen eta demokraziaren ikurra izanik, Bakearen Hiria eta Memoria Demokratikoaren Lekua izendatutako hirian. Emakumeen Munduak 2026 Nazioarteko kongresuaren (MM26) irekiera maiatzaren 21ean izango da Bilboko Bizkaia aretoa-EHUn. Maiatzaren 21etik 24ra bitartean bakearen inguruko hausnarketei jarraipena emango diegu kongresuko jardueretan. Maiatzaren 23an, larunbata, hiriko gunearen jai-agenda izango da, eta kalejirak, memoriaren eta bakearen aldeko ibilbideak eta kaleko kultur adierazpen anitzak izango ditugu. Maiatzaren 24an, igandean, itxiko dute, Bakearen eta Armagabetzearen aldeko Emakumeen Nazioarteko Egunarekin bat eginez.
Emakumeen Munduak XV. kongresua sareak eta estrategia feministak ehuntzeko gonbidapena da, aldaketak bultzatzeko, zubiak eraikitzeko eta bestelako etorkizuna irudikatzeko. Justiziatik eta baketik mundu bizigarriago bat pentsatzeko espazio kolektiboa izango da.
“Hiltzen gaituzten gerrarik gabe, eta zapaltzen gaituzten bakerik gabe”.

